XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Matematikako liburua barik egunerokoa hartu dut eta idazten jarri naiz.

Duela hilabete batetik hona, txakurtxo bat daukagu etxean.

Petronilo izena ipini genion. Petro etxekoentzat. Gaztaina-kolorekoa da eta hanka zuriak ditu.

Txakurraren izena ez da oso polita, berezia bai, ordea. Liburu batean irakurri nuen behin izen hori eta txirenea iruditu zitzaidan.

Zu zara izatekoa! Esan zidan amak.

Zeren, pentsatuko zenuten bezala, izena neuk ipini nion txakurrari. Hasieran neuk ematen nion jaten eta neuk ateratzen nuen paseatzen.

Orain gurasoek egiten dute nire lana; aitak, hain zuzen ere.

Alpertzen hasi naizela esan didate. Eta badute arrazoi puntu bat. Baina ezin dut ukatu, Petro egunero pare bat bider paseatzen ateratzeak gogaitu egiten nau zeharo.

Berezitxoa naizela esaten zidan lehen aitak, bere begietako ninitxoa.

Eta Enekok hori entzutean haserretu egiten zen. Ez zuen negarrik egiten, baina tontokeriak egiten hasten zen: arrantzaka, saltoka eta nik dakit ba zer gehiago.

Arreta pizteagatik, zorotxu baten antzera jartzen zela esaten zioten elkarri gurasoek, jeloskor jartzen zela. Eta, orduan, laztanak, xerak eta losintxak erdibanatu egin behar.